top of page

SUHAR Koruak euskal abesbatzen kultura eramango du Txinara bi jaialditan

SUHAR Korua, Esteban Urzelairen zuzendaritzapean, Txinara joango da China International Chorus Festivalen (Beijing) eta Quindaoko Abesbatzen Jaialdian parte hartzera


SUHAR Korua, Tolosako Abesbatza Lehiaketako azken irabazlea, 2024ko uztailean Txinan zehar egingo duen biran murgilduko da, euskal musika koralaren edertasuna eta aberastasuna publiko berri batengana eramanez. Bira uztailaren 13tik 21era luzatuko da, eta nazioarteko bi jaialdi ospetsutan aurkeztuko da: China International Chorus Festival (Beijin) eta Quindaoko Abesbatza Jaialdia. Bira honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren , babesle nagusi bezala, Etxepare Institutuaren eta Ingeteamen laguntza du.




Esteban Urzelai zuzendari musikalak azpimarratu duenez, “Suhar koruaren helburu nagusienetako bat munduan zehar euskal koru musikaren eta kulturaren zabalkuntza da. Honetarako, aurrez bi baldintza bermatu behar izan dira: alde batetik musika hau maila goreneko kalitatean eskaintzea eta bestetik koruaren izena nazioarteratzea. Lan horretan aritu gara azken urteotan, eta orain hasi gara nazioartean abesten. Garrantzitsua iruditzen zaigu gure musika, betikoa, tradizionala eta baita gaur egungo konpositoreena ere nazioartean ezagutaraztea”.


Uztailaren 14tik 19ra, SUHAR Koruak China International Chorus Festival ospetsuan parte hartzeko ohorea izango du. Txinako hiriburuan dagoen bitartean, abesbatzak ekitaldi honetan parte hartzeaz gain, hainbat kontzertu eta tailerretan parte hartuko du, inaugurazio kontzertu nabarmenean barne.


Urzelaik China International Chorus Festival jaialdian ahots grabeen lan koralari buruzko masterclass bat emango du. Masterclass honetan, Urzelaik bere esperientzia eta ezagutza partekatuko ditu SUHAR Koruaren bereizgarri den soinua lortzeko erabiltzen dituen entsegu-teknika espezifikoei buruz. Parte hartzaileek oreka, afinazioa eta ahotsaren kolorea ahots baxuen koruetan nola lantzen diren ikasteko aukera izango dute.


Koruarentzat bereziki konposaturiko bi euskal abesti oinarri gisa erabiliz, Urzelaik hainbat ariketa eta teknika praktikoren bidez gidatuko ditu parte-hartzaileak, beren zuzendaritza-trebetasunak hobetzen eta beren abesbatzei ahalik eta etekin handiena ateratzen laguntzeko.


Ondoren, uztailaren 19tik 21era, SUHAR Korua Quindao hirira joango da Quindaoko Abesbatzen Jaialdian parte hartzera. Inaugurazio ekitaldian aritzeaz gain, abesbatzak kontzertu berezia eskainiko du uztailaren 20an, jaialdiaren programazio ofizialaren barruan.


Comments


bottom of page